|
ESTATUTO DOCENTE |
||
[Asturiano] [Castellano] [Català] [Galego] [ATXIKIMENDUA EMATEN DUT] [ATXIKIMENDUAK IKUSI] MANIFESTUA Espainiako parlamentuak berriki onartu duen Hezkuntzaren Lege Organikoan (HLO) argi eta garbi ikus daiteke globalizazio ekonomikoak mundu osoko hezkuntza sistemen pribatizazioan daukan eragina. Legeak Eskola Publikoari erasotzen dio, besteak beste mundu osoan ezartzen ari den pribatizazio politikari jarraikiz, hezkuntza (oinarrizko eskubidea eta ez merkatuaren esanetara dagoen zerbitzua) honela definitzen duelako: "botere publikoek eta gizarte-ekimenak hiritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko mailegatzen duten" zerbitzu publikoa. Baina azken finean, "gizarte-ekimena" irabaziak lortzeko edo/eta jendea doktrinatzeko sortutako enpresa pribatua besterik ez da. Hezkuntza-komunitateko sektore aurrerakoienen eta progresistenen helburu nagusiak kalitatezko Eskola Publikoa sustatzea eta irakasleen lan-baldintzak hobetzea dira, izan ere, irakaskuntza hobetzeko beharrezkoa da irakasleek beraien lana aintzat hartzen dela ikustea. Esan beharra dago, HLO ez dela ez Eskola Publikoa sendotzeko ezta irakasleen lan-baldintzak hobetzeko ere aprobetxatu. STES-i-k Legebiltzarrean aurkeztu zituen aintzatespena eta hobekuntza sustatzeko proposamen gehienak baztertuak izan ziren. Gaitzespen hori azaltzeko, Legeari baietza eman zioten Legebiltzarreko taldeek baita gobernuak berak ere, Legebiltzarrean tramitazioa egin zenean (pasa den urteko urrian) Hezkuntza eta Zientzia Ministerioarekin lan-hitzarmena sinatu zuten erakunde sindikalen babesa zeukatela argudiatu zuten. Orain, eta irakasleen garapen profesionala
erregulatzeko aitzakiarekin, gobernuak labirinto kezkagarri, atzeragarri
eta hierarkiko batean sartu nahi ditu irakasleak, Irakasleen Estatutuan
hain zuzen ere. Bere sustatzaileen esanetan, estatutu honek lanbidea
antolatu eta irakasleen eskubide eta betebeharrak islatu nahi ditu,
halere azken finean, estatutu horretan egiten den gauza bakarra
irakaskuntza publikoan pertsonala kudeatzeko enpresa-metodoak ezartzea
da. Baina, irakaskuntzan ezin dira inolaz ere enpresako irizpideak
onartu. Estatutu honek agerian uzten ditu gobernuko hainbat alderdiren
eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren planteamendu neoliberalak. Ministerioak egindako proposamenean irakasleen garapen profesionalari kalte egiten dioten bestelako alderdi negatiboak ere agertzen dira: langileak birbanatzea ikastetxean; nahitaezko mugikortasuna; lanean hasitakoan ematen ziren ikasgaien aldaketa edota ikasgai berriak ematera behartua izatea; lekualdatze-lehiaketak urtero izango direla ziurtatu ezina; lanpostuetako izendapen askea lehiaketaren egoera berean ematea; laneko osasunari buruzko proposamenik ez egitea laneko gaixotasunak aipatzen ere ez direlarik... Estatutuaren proiektuak koloka uzten ditu bitarteko irakasleak bai lan baldintzei bai baldintza ekonomikoei dagokienez: urteko kontratuak egiten zaizkie, ez dute antzinatasun-saririk kobratzen eta, diskriminazio gutxi ez balitz, ez dute graduak lortzeko aukerarik. Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak sustatu duen irakasleen labirinto honetan langileen duintasunaren kontra doazen beste bi elementu ere agertzen dira argi eta garbi. Alde batetik, ez da aintzat hartzen sindikatuetako ordezkariek irakasleen eskubideen defentsan (ordutegiak, kargu-uzteak, langileak, baremoak,…) parte hartzeko duten eskubidea. Bestetik, lortutako graduak kenduz irakaslea “degradatzeko” aukera dago, adibidez, zehazten ez diren hutsegiteengatik zigorra ezarriz. Eta hau guztia, borondatezko ebaluazioari esker irakasle guztiak susmopean jarri ondoren. Estatutuak irakasleen lana duintzeko ardura eduki beharko luke Irakasleentzat ez da lehentasunezkoa Estatutu bat edukitzea, hala ere, beharrezko ikusten dute administrazioak eta gizarteak beren lanaren garrantzia aintzat hartzea. Horregatik, Estatutuak baliagarria izan behar du irakasleen lana duintzeko eta lan-baldintzak hobetzeko. Ez dugu gauzak okertuko dituen Estatuturik nahi. Negoziazio honetan, STES-ek zera eskatzen dio
ministerioari, sakon azter ditzala irakasleen lan-harremanak eta
ordainsariak oinarritzeko erabili nahi dituen proiektuaren funts
berriak. Gobernuak onartu beharra dauka hezkuntzan nahitaez taldean lan
egin behar dela eta beraz, irakasleen arteko lehia saihestea
ezinbestekoa dela. Horretarako, hainbat ekimen sustatu beharko ditu,
tartean talde-lana, ikastetxeen autonomia eta demokratizazioa, langile
gehiago kontratatzea, ratioak gutxitzea, irakasle guztien
tutoretza-lanak egiaztatzea, taldeko organoek erabakiak hartzeko
gaitasun handiagoa izatea,… Estatutuaren tramitazioak hainbat hilabete beharko
ditu oraindik. Bitartean STESek bere edukiei buruzko informazioa ematen
jarraituko dute baita defendatzen dituzten eta irakasleen aldarrikapenak
eta balorazioak jasotzen dituzten alternatiben inguruko informazioa ere.
STESok irakasleei eta sindikatuei esaten diegu
beharrezkoa dela mota guztietako presioak egitea “degrada ez gaitzaten”
eta Estatutua irakaskuntza duintzeko eta irakasleen lan-baldintzak
hobetzeko benetan baliagarria izan dadin. STES-INTERSINDICAL KONFEDERAZIOKO IDAZKARITZA Agiri hau, izandako atxikimendu guztiekin batera, hurrengo mahai sektorialean aurkeztuko zaio Hezkuntza Ministeritzari. Legebiltzarrean tramitatzen ari den bitartean, kongresuko eta Senatuko talde guztiei helaraziko zaie. [ATXIKIMENDUA EMATEN DUT] [ATXIKIMENDUAK IKUSI]
|
||
|
© Confederación de STEs-Intersindical |